Ikasturtearen amaiera, gainditze automatikoa eta oporrak errespetatzea exijitzen dugu

Azken berrien arabera, maiatzaren 25etik aurrera hainbat eta hainbat ikasle gure ikastetxera itzuli beharko gara, gure ikastetxeko zuzendaritzak horrela erabakitzen badu behintzat. Eusko Jaurlaritza egun batetik bestera aldatzen ari da erabakiak, hezkuntza komunitatearen parte garen milaka pertsonaren etorkizun eta ongizatearekin arduragabekeriaz jokatuz. Horren aurrean, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, EAEn, Ikasle Greba mugagabea deitzen dugu maiatzaren 25etik aurrera.

Apirilean aurkeztu genuen Salbuespen Egoerarako Programa Politikoan berretsiz eta bizitzen ari garen egoeraren ondorioak ez ditzan langile klaseak ordaindu, maiatzaren 25eko greba deialdiaren arrazoia eta helburua ondorengoa da:

  • Klase presentzialen itzulera plana bertan behera uztea exijitzeko egingo dugu greba. Horren ordez, ikasturte akademikoa amaitutzat ematea eta hirugarren ebaluazioko irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea eta oporren ohiko iraupena errespetatzea exijitzen dugu, klase telematikoetako edukia ebaluatzeko bermerik ez dagoelako eta klaseetara itzultzea langile klasearen aurkakoa delako. Alabaina, Selektibitatea prestatzeko urteroko borondatezko klaseak zein Lanbide Heziketetako azterketak dituzten ikasleek errefortzuko klase presentzialak izatea positiboa da, betiere segurtasun neurri aproposak aplikatzen badira eta asistentzia ez bada derrigorrezkoa. Badakigu Selektibitatearen izaera klasista eta arrotza dela, baina badakigu besterik gabe bertan behera uzteak ikasle langileongan eragin negatiboa izango duela ere. Beraz, ohiko Selektibitateren ordez ikasleoi erraztasunak emango dizkigun beste ebaluazio modu presentzial bat ezartzea aldarrikatzen dugu, osasun neurri guztiekin.

Ikasgeletara itzultzeko plana datorren ikasturtean aplikatzea aurreikusten duten normalitate berriaren proba-esperimentu gisara ulertzen dugu. Normalitate berria delakoak badakigu berarekin zer dakarren ordea:

  • Ikasketen kalitatearen galera orokorra. Gizarteko esparru guztietan eragingo duen proletarizazioaren intentsifikazioak hezkuntzaren kalitatea are gehiago kolpatuko du: lan- eta ikas-baldintzen prekarizazioa, ikasketa kostuen handitzea, arrakala digitala, segregazioa eta abar luze bat.
  • Hezkuntzaren informatizazioan eta ikasleon kontrol sozialean sakontzea. Ikasketa prozesua geroz eta menpekoagoa da Google bezalako korporazio handiekiko, azken horiek hezkuntzan duten interbentzio gaitasuna handituz. Era berean, kontrol sozialerako teknologien pisua handitzea da aurreikusten duguna, Inika eta Alexia bezalako aplikazioen bitartez, esaterako.

Horri guztiari aurre egiteko, hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren beharrezkotasuna nabarmendu nahi dugu, ikasle langileon defentsarako berme bakarra baita, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzarako ezinbestekoa. Ez dugu bat egiten Ikasle Sindikatuaren greba deialdirekin; izan ere, gobernuen neurriekin konfrontatzeko borondatea izan ordez, eta ikasle mugimendu aktibo bat eratzeko konpromisotik urrun, “kolpe mediatiko” bat eragin nahi izan dute enegarrenez. Botere egituretatik (komunikabide nagusiak, gobernuaren zuzeneko informazio iturriak…) erraztasunak jasotzen dituen sindikatu bat da Ikasle Sindikatua, eta betetzen duen funtzioa ondorengoa da: gobernuei ekidin ezina zaien konfrontazioa kontrolatzen eta leuntzen du, horretarako oinarri errealik ez duen sindikatu itxurako “aparatu mediatiko” bat erabilita.

Hezkuntza komunitateko kide orok baldintza onargarriak eduki arte greba deialdia luzatuko dugu, eta baldintzak aldatu ezean, hurrengo ikasturtean greba deialdia hezkuntzako gainontzeko esparruetara zabaltzeko aukera mahai-gaineratzen dugu.

Gora ikasleon borroka!

Gora langileon borroka!

M25 Grebara!

Ikasle Abertzaleak

2020/05/14

 

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa