Ezohikotasuna nagusi den unean dator unibertsitaterako sarbide proba. Aurten, Ipar Euskal Herrian, Baxoa bertan behera geratu da, eta ikasleriaren arrakala areagotzeko aukera ahalbidetuko du horrek.  Selektibitatearen ohiko deialdia, berriz, ekainaren 23, 24, 25 eta 26an egingo da Nafarroan eta, 6, 7 eta 8an EAEn. Data horiek ikasleon oporrak laburtzen dituzte kasurik onenean eta beharrezkoa zaigun lan epealdia mozten ikasle langile ugariren kasuan. Horrez gain, ikasleon etorkizun akademiko eta pertsonala baldintzatzen dituen proba da hau, ikasleriarengan ezinegon eta estres handia sorrarazten dituena. Animo eta babesik handiena azterketari aurre egingo dion ikasle orori!

Selektibitateak ordura arteko ikasketa prozesu osoa ebaluatzen du, eta horrek, aipatu moduan, ikasleriarengan urduritasunak eta ezinegonak biderkatzea eragiten du. Gainera, unibertsitaterako sarbide probak ikasleon garapen kognitiboa ebaluatu baino, sistema kapitalistak behar duen ikasle eredua sustatzeko funtzioa du. Azken horren baitan egituratzen da ikasketa modelo osoa; balio lehiakorrak edukiko dituen eta memorian oinarrituko den ikasle prototipikoak ekoiztean datza hezkuntza sistema kapitalista, eta selektibitatea horren erakuslea besterik ez dela ulertzen dugu.

Bestalde, garrantzitsua deritzogu proba horri esleitzen zaion funtzio soziala argitara ateratzeari: filtro sozialaren funtzioa da hori. Balio burgesen eta eduki tekniko jakin baten barneratze mailaren arabera eta gaitasun kognitibo murritz batzuk kontuan izanda ikasle langilea prozesu produktibo kapitalistan beteko duen tokira bideratzeko tresna eraginkorra dira hezkuntza orokorrean eta Selektibitatea konkretuki. Hala ere, Selektibitatea egin ordez zentro bakoitzak edukiko balu nota jartzeko eskumena,  are gehiago areagotuko litzateke klase arteko banaketa, izan ere, jakina da institutu pribatu eta kontzertatu batzuek ospe ona mantentzeko notak puzten dituztela. Irtenbidea, hortaz, ez da Selektibitate hau egin edo proba bertan behera utzi aukeratzea,  ikasle langileon mesedetara egokituko den azterketa eredua ezartzea baizik.

Formarekin hautsi behar dela argi geratu da honezkero. Ostera, horretara mugatzea akats larria litzateke, Espainiako eta Frantziako Estatu burgesek indarrez ezartzen duten programa akademiko ideologizatzailea onartzea bailitzateke. Ideologizazio prozesu burgesak erreproduzitzen duen edukiak, besteak beste, nazioaren ikuspegi inperialista lantzen du, eta errealitatearen kontzepzio kapitalistan oinarritzen den ikuspegia da historia, ekonomia eta abarren oinarri. Finean, ikaslearen subjektibitate burgesa elikatzen duen edukia ebaluatzeko proba da Selektibitatea.

Laburbilduz eta amaitzeko, kapitalismoa erreproduzitu eta indartzea duelako xede eta ikasleongan eragiten dituen estres, urduritasun eta ezinegon guztiengatik, Selektibitate eredu burgesari ezetz esango diogu ekainaren 23an Iruñean, eta uztailaren 6an Gasteizeko, Donostiako, Leioako eta Bilboko unibertsitateetan. Hezkuntzaren gaineko langile kontrolean oinarrituko den hezkuntza eredua -Euskal Eskola Nazionala- eraikitzea izango da baldintza ikasleria langilearen ezagutza sustatu eta garapen kognitibo erreala lortzeko aukera egon dadin eta horretarako behar diren ebaluazio-pedagogia sistemak ezarri daitezen.

2020/06/21

Ikasle Abertzaleak

 

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa