Pasa den apirilaren 7an ekin zion Korrikak Trebiñutik. Geroztik Euskal Herrian zehar ibili da. Milaka izan dira euskararen aldeko aldarrikapenarekin bat egin eta metro eta kilometroa batzuk korrika egitera batu direnak. Ikasleak ere ez gara gutxiago izan, eta euskaraz maitatu, ikasi eta aritzeko konpromisoan berrestearekin batera, egun, ikastetxe eta unibertsitatean eleaniztasunaren izenean ematen diren urraketak salatu ditugu. Bereziki, atzoko egunez Leioako kanpuseko ikasleek Korrika Txikia antolatu zuten, eta gaur berriz, Donostiako ikasleria kalera atera da!
NUPko hauteskunde antidemokratikoetan ikasleak borrokan!
NUPen mobilizazio eguna burutu dute gauko egunez. Hain zuzen ere, Boloniak ekarritako jazarpenen aurkako borrokorarekin jarraituz, NUPen hainbat eragilek (Ikasle Abertzaleak, Asanblea Libertaria, Eraldatu, Akanpada a la Boloñesa) zein norbanakakok, unibertsitatean errektoretza hauteskundeak burutu diren honetan mobilizazio andana burutu dute.
NUPko ikasleek helarazitako oharrean azaldu bezala, buruturiko ekimenen ildo nagusia klaseetan derrigorrezko asistetziari ezetza naiz kontrako jarrera azaltzea izan da, bai eta Bologna Prozesuak dakartzan ondorio desberdinak azaleratzea ere. Hau izan da lehenengo borroka, baina ez azkena! Kontzentra, mania, parodia, pegatinada, zein instantziak betetzeko mahaia bezalako ekintzan egon dira, eta aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa dute!
Honekin batera, Iruñerriako Ikasle Abertzaleek hezkuntza iraultzaileen manifestuaren alde sinatzeko aukera ere luzatu diote ikasleriari. Bere oraina eta etorkizunaren subjektu aktibo izan dadin! Ikasleok dugu hitza, ikasleok erabakia!! Eta Iruñerriako lagunek ere argi dute, bide honetan ikasle borrokaz lortuko dutela.
Deustuko ikasleek SUGAAR euskara taldea osatu dute!
Deustuko unibertsitateko ikasleak ere lanean ibili dira azken hilabetean, asanbladak, eztabaidak…. lan horrek bere fruituak izan ditu! Hain zuzen ere Bilboko kanpusean, SUGAAR taldea osatu baitute, bereziki, unibertsitatean bizi duten euskararen egoera hobetetzeko asmoz jaioa.
Sugaar Euskal Kultur Mintegiko ikasleen oharra:
2010-2011 Kurtsoan zehar sortutako euskal hizkuntza eta kultura bultzatzeko taldea da SUGAAR. Deustu unibertsitateko ikasleok, euskara falta ikusi genuelakoan zenbait asanblea irekiak antolatu genituen unibertsitatean zegoen euskararen egoera makala aztertzeko asmoz eta……… hona hemen, aurrera eramatea posible izan zaigun proiektu berritzailea eta euskalduna.
Gure hizkuntza propioa den hori zapaldu ez dezaten egunero lanean jarraitzen dugu, ikasle giroa euskalduntzeko griñaz eta erderaz ikastera inposatzen dizkiguten ikasgaiei uko eginez. Orain arte bi ekitaldi publiko antolatu dira, zeinetara irakasle eta ikasle ugari hurbildu diren.
Hortaz, bihar APIRILAK 15, KORRIKA 17 deustutik pasatuko delakoan animatzen zaituztegu SUGAAR euskara taldearekin batera korrika egitera eta goiz partean proiektatuko den bideo ikustera hurbiltzea!!!
IKASLE ZEIN IRAKASLE ausartu SUGAAR taldera hurbiltzen eta parte hartzen!! ASTEARTERO ETA OSTEGUNERO 14.00etan letren fakultatean aurkituko gaituzu.
Pasa den astean gainera EITB-ko “Arratsaldero” saioan elkarrizketa egin zieten SUGAAR taldeko bi ikasleri.
NUPeko errektoretza hauteskundeetan ikasleok ABSTENTZIOA!
Datorren apirilaren 14ean errektoretza hauteskundeak ospatuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Guk, Ikasle Abertzaleok abstentziora deitzen dugu!
Zergatik? Gaur egun ez dagoelako errepresentatzen gaituen hautagairik, ez gure eskubideak errespetatu eta euskal ikasleok eta Euskal Herriak behar duen unibertsitate eredua sustatuko duenik ere. Orain arte errektore izanik Lafuentek Bologna Prozesuari ireki dizkio ateak NUPen eta inposaketaren bidean aurrera jarraitzeko asmoa du! Beste hautagaiak, Lara delakoak, oraingoa baino etorkizun beltzago bat planteatzen du UPNren eskutik ikasleontzat. Hori azaltzeko bideo bat ere egin dugu ikasleok.
Horregatik ostegun honetan burutuko den mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu, akanpadako asambleak deitua egun hortan bertan 13:30tan liburutegi aurrean izango gara, ikasleon hitza aldarrikatzen! Ikasle borrokaz lortuko dugulako!
Ikasle Topaketak burutu dira Arrasaten eta Leioan
Eguraldi paregabeak lagundurik, Ikasle Topaketak burutu dituzte gaur Leioan eta Arrasaten. Eztabaidarako eta hausnarketarako tartea izan dute egunean zehar, baina baita festa egiteko aukera ere!
Zer diote Arrasaten?
Azken asteetan, eskolako ikasle ezberdinon artean solastu, gure arazoen inguruan hausnartu eta ondorio orokor batzuk bildu ditugu, eskolako diagnostikoa izenez bataiatu dugun fanzinean. Fanzine hau ezagutarazten ari gara egun hauetan eta unibertsitateko ikasleria osoari zabaltzeko asmotan arratsalde osorako egitaraua osatu dugu ostegun honetarako. Helburua bertan ahalik eta ikasle gehien biltzea da eta bildutako arazo hauek gure sentitzen ote ditugun eztabaidatu, arazo berriak identifikatu, eta aurrera begira nondik nora jo dezakegun zehaztea da. Horren ondoren, 21:30etan bertsoafaria burutuko dugu Iratin.
Zer diote Leioan?
Apirilak 7, osteguna, ikasle topaketak burutu ditugu Leioako kanpusean. Ikasle mugimenduaren gabeziak eta problematika aztertzeko asmotan, elkartu gara goizeko hamaiketan fakultate guztietako hainbat ikasle.
Fakultatekako eztabaidaren bidez, arazoak identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamenak bildu ditugu, ikasleok kolektibo bezala antolatzeko eta eragiteko beharra azpimarratu dugularik ondorioak komunean jartzean. Bologna prozesuaren eragina, euskararen zapalkuntza, full time ikasle eredua, derrigorrezko klaseak, segurtasun indarren presentzia itogarria, kontrol soziala eta beste hainbat urraketa izan dira eztabaidatutako arazoak.
Ikasleok subjektu aktibo bezala izan dezakegun eragina irudikatu nahian, gure kanpusari kolorea eman diogu. Eta amaierako ekitaldiaren ondoren, bertso bazkari herrikoia egin dugu, segurtasun indarrek hau ekidin nahi izan duten arren, hala ere, ikasleriaren elkartasunaren bidez eraso errepresiboa geldiarazi dugu, eta bazkaria aurrera ateratzea lortu. Bazkariari amaiera, bertsolariek eman diote. Egunari amaiera emateko berriz, jaialdia ospatuko dugu Bilboko alde zaharreko Zazpi Katu gaztetxean.
Leioako argazki gehiago, hementxe.
“Adi ikasleon irrintziari!” Ikasle Topaketak bihar Leioako Campusean
Bihar, Apirilaren 7an, Leioako Ikasle Topaketak egingo dira Leioako Campusean. Egun osoko egitaraua osatu dute antolatzaileek, ikasleok ditugun arazoen inguruan hitz egin, hausnartu eta oztopoen aurrean elkarrekin lan egiteko konpromezua hartzeko eguna izango da. Ikasleak gara unibertsitateko subjetu nagusi eta ukatzen zaigun hitza aldarrikatu behar dugu oztopoei aurre eginez; horren bidean, bihar Ikasle Topaketak Leioan!
Hona hemen okasio honetarako prestatu dituzten kuña eta spota:
Leioako ikasleen oharra:
Apirilaren 7an Ikasle Topaketak burutuko dira Leioako Kampusean. Baina, zertarako Ikasle Topaketak? Bada, norbere arazoak, ikasleriarenak direna ikusteko. Etxetik klasera, klasetik liburutegira, eta liburutegitik berriro etxera goazen bitartean, gure arazoak norbereak soilik direla pentsatzen dugulako. Ikasleok kolektibo bat osatzen dugulako, gizarte honetan zer esan handia dugulako, eta Unibertsitatean, are gehiago. Gu gara bertako subjetu nagusia, eta hala ere, hutsaren pare dute gure hitza. Beraz, elkar topatzea, antolatzea, eta arazo indibidualak kolektibo bihurtu eta hauei buelta ematea beharrezkoa dugu.
Dela euskararen egoera, bologñak sortzen dizkigun buruhausteak, ikas-baldintza prekarioak, Unibertsitatearen merkantilizazioa, ikasgai arrotzak, zentsura, kontrol soziala, presentzia poliziala… Egunerokotasunean unibertsitatean ditugun gabeziak identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamenak eraiki ditzagun. Har dezagun hitza, bota dezagun irrintzia! Ez al dugu bada errutinaren etsipenaz ahituta ohiurik bota? Bihurtu dezagu gure ohiua irrintzi, ikasleon irrintzia!
EGITARAUA
- 11.00 HARRERA EKITALDIA
- 11.30 IKASLE TOPAKETAK; Fakultateka eztabaidak
- 13.00 ONDORIOAK
- 14.00 ITXIERA EKITALDIA
- 14.30 BERTSO BAZKARIA (Mikel laboa plazan)
19.30 JAIALDIA (7katu)
Bolognaren ondorien aurrean, NUPeko ikasleak borrokan!
Pasa den ostegunean Bolognaren inposaketak ikasleongan ekarritako ondorioz hitz egiteko asanblada eta kontzentrazioa burutu genuen Ikasle Abertzaleak, Asamblea Libertaria, Eraldatu eta Ikasle independienteek. Bertan 300 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten. Aste honetan, borroka horri jarraiki akanpada bat burutzen ari dira NUPeko ikasleak.
Ondorioen artean errekuperaketen desagertzea dugu berriena. Beste unibertsitateetan bezala, orain arte gai bat gainditu ezean, errekuperaketa egiteko aukera zegoen. Bolognaren aplikazioa dela eta NUPen lauhilabete honetan aukera hori desagertu da. Ikasle batek ez badu gai bat gainditzen, ez du errekuperaketa egiteko eskubiderik, hurrengo lauhilekoan matrikulatzera behartuta dago eta dagokion tasa pagatzeaz gain, klasera joan behar du.
Hasieratik Bolognaren aurkako mobilizazioetan aldarrikatzen zena modu nabarian aplikatu dute: ikasle “full time” (goizean klasea ohiko gaiekin, arratsaldean klasea errekuperaketak), dirutza (lehen garestia bazen zer-nolako tasak pagatu beharko dira…?) Egoera honek eta mobilizazioak argi erakutsi zuen ikasleria ez dagoela prest bolognak bultzatutakoa asumitzeko. Beraz errekuperaketa aldarrikatzeaz gain, Bolognaren aplikazioa NUPen aztertu, gabeziak detektatu, irtenbideak proposatu eta aldarrikapenak zabaldu beharra zegoela adostuta, aste honetan AKAPANDA bati ekin diogu, ikasle aldarriapena ozen oihukatzeko.
“Euskaraz gaixotzen garenontzat” medikuntzako ikasleok itxialdia!
Farmaziako fakultatea euskalduntzeko aldarrikapena aipatu genuen aurrekoan, oraingoan “Medikuntza euskaldundu!” ekimena aipatu behar dugu. Antza denez, osasungintza euskaraz ikastea ez da lan erraza! Hori dela eta, pasa den asteko kontzentrari jarraiki, aste honetan ITXIALDIA burutzen ari dira medikuntzako ikasleak. Hona hemen ekimen honetako kideek kontatutakoa:
Olatua zena uholde bilakatzen ari da, ikasle andana bildu baikara azken hilabeteotan Medikuntza euskaldundu! ekimenaren baitan gure fakultatean euskarak duen egoeraz arduraturik. Gaztelera hutsean ikasi behar dugu 2. ziklo osoa Txagorritxun eta 6. maila Gurutzetan. Eta, ez pentsa Basurto eta Donostiako ospitaleen kasua askoz onargarriagoa denik, ez, klaseen %31 besterik ez dugu euskaraz ikasterik lehenengoan, eta, %23a bigarrenean 4. mailan. Euskaraz gaixotzen garenok, baina, medikuntza euskaraz ulertuko duten pertsonak behar ditugulakoan gara Medikuntza euskaldundu! ekimeneko kideok.
“Gutun hau sinatzen dugunok, medikuntza euskaraz ikasiko genuelakoan matrikulatu ginen EHUn. 17 urte luze pasa dira lehen ikasleak euskaraz hasi zirenetik, eta egun, tamalez, ez dugu ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukerarik. 17 urte ez, 28 urte pasa dira lehen klaseak euskaraz eman zirenetik guk egun erabiltzen ditugun ikasgeletan.
Intentzio ederrak eta itxaropena bor-bor, hainbatek agindu zuen fakultate honetako irakasgai denak euskaldunduak izango zirela 1994. urterako. 2. zikloko irakasgaien erdiak ere bai, antza. Helburu hura betetzea ez zen posible izan, ordea. Askok pentsatuko zuen ezinezkoa izan zitzaiela fakultate honetako arduradunei agindutakoa egi bihurtzea. Eskura zituzten baliabide guztiak erabiliak izan zirela zehazturiko helburuak betetzeko eta mendetan eremu akademikotik baztertua izan zen euskarari medikuntzan ere merezitako tokia egiteko.
IVEFeko masterrararen aurka, kortoak!
IVEFeko ikasleen egoera kontatu genuen aurreko batean. Aipatu genuen lanketa horretaz guztiaz gain bideo batzuk ere egin dituzte! Hemen dituzue!
Farmaziako fakultatea euskaldundu!
Gasteizko Farmazioako ikasleek, fakultatean euskarak bizi duen egoera kaxkarra salatzeko lanean jardun dute orain arte. Horretarako astero, errebindikazio moduan kontzentrazioak burutu dituzte. Orain ordea, errebindikazio aldi honi amaiera emango emateko sinadura bilketa bati ekingo diote, ikasleon desadostasuna adierazi asmoz.
Hemen Farmaziako ikasleen irakurketa:
Hasteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasle guztiok ikasketak osotasunean euskeraz ikasi ahal izatea. 2013-2014 ikasturterako EHU/UPV euskalduntzeko planaren arabera, ingurugiro zientzietan, euskeraz eskaini beharreko irakasgaiak gazteleraz eskaini behar direnak bezainbeste direla dio, beste 3 karreretan ere, gaur egungo egoera oso urruti dago urte horretarako bete nahi denarekin. Baina gure ustez hau ez da beteko, eta egoera hau salatu eta borrokatuko dugu, ez bakarrik hori bete dadin, baita irakasgai guztiak euskeraz emateko aukera izan arte ere, dakigunez derrigorrezko irakasgai guztiak ere ez baititugu euskeraz.
Hau ez betetzearen arrazoietako bat trilinguismoaren ezarpena da, lotsagarria iruditzen baitzaigu euskeraz ikasi ezin dugun bitartean, derrigorrezkoak diren irakasgaien eskaintzak ingelesez egitea. Irakasgaiak euskeraz ez izateko arrazoiak ondorengoak dira: aurrekontu falta, irakaslerik ez egotea, irakasle berri baten eskaria dagokion departamentuek egin behar dutela esatea nahiz eta gero beraiek eskari guztiak ez onartu… Eta orduan nola da posible irakasgai ugari ingelesez eskaintzeko aukera? Ingelesak euskerak baino lehentasun gehiago du? Zein interes daude atzean?



