Ikasle Abertzaleak Euskal Eskola Nazionala helburu duen ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministon antolakunde iraultzailea da.

EUSKAL ESKOLA NAZIONALA: Helburu estrategikoa.

Egun dominazio kapitalistak inposatzen dizkigun betebeharretatik aske eta langile klaseari erantzungo dion hezkuntza sistema eraikitzea da gure hautua. Jakina dugu, hezkuntza-sistema propioa ezin dugula osotasunean eraiki, orokorrean sistema kapitalistaren forma eta edukien abolizioarekin ez bada. Tokian toki, ikasle iraultzaileok sistemaren inposaketak intsumitu, eta desjabetuon interesei men egingo dion bidea eraikitzeko bidean gaude.

Desjabetuon aldarriei erantzungo dien hezkuntza eredu horren baitan kokatzen dugu Euskal Eskola Nazionala. Euskal Herriko langile klaseko kideon zutabe izango den hezkuntza eredua eta kapitalaren mesedetara egongo ez den beste bizi eredu bat bermatuko duena. Finean, sistemak garatzen duen zapalkuntza ororen (Generoa, arraza…) gainetik, klase interesei erantzungo dien kide euskaldun, feminista, kritiko eta askeak heziko dituen eskola da Euskal Eskola Nazionala, langile klasearen osotasuna hartzera kondenatua dagoena iraultza prozesuaren baitan.

Proiektu politikoa bera euskalduna, feminista, eta komunista izanen da azken finean.

IKASLE ABERTZALEAK: ikasleon tresna

Helburu estrategikoa den Euskal Eskola Nazionala (EEN) lortzeko tresna dugu Ikasle Abertzaleak antolakundea. Berau, ikaslez osatutako antolakunde iraultzaile euskaldun, ezkertiar eta feminista da. Bete betean proiektu politikoari erantzuten dizkion ezaugarriak barnebiltzen dituelarik.

Zapalduon mesedetara egongo den hezkuntza-sistema helburu du antolakundeak. Proiektuaren eraikuntza ez da teoria hutsa, baizik eta praxiaren biden garatzen joango dena. Egunerokotasunean landu, eztabaidatu, eraiki eta bizi dena Ikasle Abertzaleak-en bitartez. Beraz, antolakundeak, balore, praktika eta ezaugarri guzti horien jabe eta eredu izan beharko du.

Proiektu politikoa gauzatze aldera ordea, egungo errealitatetik abiatzen garela kontuan izan behar dugu. Egun bizi dugun hezkuntza nahiz jendarte eredua bera aintzakotzat hartu beharko ditu, ahalik eta modu eraginkorrenean eraldaketa eragin dezan, eta unean-uneko aldaketa, mugimendu edota jokaeren analisi sakonak egin beharko ditu, betiere marxismoa oinarri izango dutenak, noski.

LANGILE ESTRATEGIA: jarraituko dugun bidea

Langile klaseko kideok, anto-antolakuntzaren bitartez, guregain erabakitzeko boterea lortzera aldera, hau da, Langile Autonomia lortze aldera, helburu politikoa lortzeko bidea dugu langile estrategia. Berau, aurrerantzean datozen urteetan garatu beharreko jarduna definitzen duen estrategia da. Estrategia honek, gaurdanik Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza bermatuko du. Bide honetan, ondorengo 3 ildo zehaztuak daude azken Kongresu eta barne-mailako Bilgune prozesuko eztabaidetatik eratorrita:

  1. Ekin Euskal Eskola Nazionalari ildo iraunkorra:

Ildo honen helburua gaurdanik inoren ez ezeren zain egon gabe EEN egikaritzen hastea litzateke. Txikitasunetik, hau da, maila lokaletik, errealitatean egingarriak diren praktikak martxan jartzea eta bertatik bertara hezkuntza eraldaketa eragitea. Modu honetan langileon hezkuntza sistema, beharrezko proiektu bilakatzeko egingo genuke indar.

Helburua hau izanik, ildo iraunkorra dela ulertzen dugu. Hau da, antolakundeak modu konstantean garatu beharko duena, ildoaren beraren garapenerako unean uneko beharrezko dinamika, egiteko, borroka, tresna eta bitartekoak luzatuz. Honen baitan, merkatu logikatik at alternatibak sortu, erasoei erantzun, eduki propioak eraiki, euskarazko edukia bermatu, kolektibotasuna oinarrian jarri edota ikas baldintza duinen aldeko borrokak sartuko lirateke, beti ere helburu taktiko moduan ulertuta azkeneko hauek.

  1. Euskal Herria eraiki ildo ez-iraunkorra:

Euskal Herriaren askapen eta eraikuntza borrokan badu ardurarik antolakundeak. Hori dela eta ildo honen helburua Euskal Herriaren askapen sozialaren aldeko borrokan antolakundea, eta beraz, militantzia, parte aktibo izatea izango da, beharrezko urratsak ematen lagundu eta eragin dezagun.

Ildo hau ordea, Ekin ez bezala, ildo ez-iraunkor gisa irudikatzen dugu. Izan ere, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturalaren arabera zabaltzen diren abagune eta proiektuen aurrean gure indarrak neurtu eta zein ekarpen egiten dugun baloratu beharko dugu. Honela bada, unean une Ekin ildoarekin batera eta ikasle diskurtso batez testuinguratuta, Euskal Herriaren eraikuntza sozialean urrats garrantzitsu diren dinamika eta ekimenak garatu beharko ditugu. Zentzu honetan, egoera koiunturalei erantzuna ematea ere badagokigu.

  1. Barne-ildoak:

Ildo hau barne ildo gisa kokatzen dugu. Azken batean, ikasle antolakundeak kanporako praktika iraultzaile eta erreal bat garatuko badu, eredu izan beharko da. Horregatik, antolakundea domianzio sistemak hezkuntza esparruan duen eraginaren aurrean konfrontatu eta langileon mesederako hezkuntza sistema bat eraikitzeko tresna iraultzaile bilakatuko denaren bermea izan beharko da.

  • Prozesu Feminista

Klase feminismoa oinarri hartuta, sistema kapitalistak (Dominazio-sistema moduan ulertuta), honek barnebiltzen dituen zapalkuntza ezberdinak, genero zapalkuntza barne, gainditzeko hautua ere badu antolakundeak. Emakume langileon borroka aldarrikatu eta etorkizunean zapalkuntza hauek egon ez daitezen baldintzak sortzen joatea dagokigu, barne-mailatik hasita. Horren adibide da, 2017an martxan jarri zen barne-mailako prozesu feminista, maila lokal zein nazionalean koordinatua dena.

  • Euskalduntzea

Militantziaren jarrera eta jarduna erabat euskalduna izatea bermatzen du eta behar du antolakundeak.

  • Berdefinizio organizatiboa

Zehaztutako helburu politikoei erantzuteko zehaztu beharreko eredu organizatiboa  definitzea.

  • Prozesu Internazionalista

Lan lerro honen inguruan hausnartu eta egungo testuinguru politikoa berrartuz uneoro, plano internazionalean gertatzen diren prozesu zein gertaerak analizatzeko tresnak eskaini beharko ditu antolakundeak.

  • Prozesu Ideologikoa

Marxismoa oinarri hartuta, Antolakundearen baitan jarrera kritikoa sustatu, eta eztabaida eta hausnarketa politikoa bultzatzeko lan lerroa da. Iraultza prozesuari ekarpen zuzena egingo diona eta unean-une, Antolakundearen lan-lerro ideologikoa markatuko duen prozesua da. Uneoroko analisien bidez, aldaketa konstantean dagoena etengabeko eztabaida eta testuinguru politikoaren aldaketen erruz.

  • Artxiboa